Páginas

domingo, 22 de abril de 2012

Comporta proiektua:

Comporta proiektua ezinduen komunikazioa hobetzeko iniziatiba dugu. Goiko gorputz-adarretan mugikortasun-arazoak, muskulu-distrofia edota zenbait asaldura neuromuskular --esate baterako garun-perlesia-- dituzten gaixoek, askotan, eskumuturrak eta besoak mugitzeko gaitasuna galdua edo urritua izaten dute; eta, ondorioz, arazoak izaten dituzte gailu batzuk erabiltzeko, adibidez, ordenagailuaren teklatua eta sagua, edo telebistaren agintea. Horrelako pertsonentzat ari dira lanean COMPORTA proiektuan, goiko gorputz-adarretan urritasun larriak dituztenentzat. Horientzat hainbat erabilera izango dituen komunikatzeko gailu mugikor bat moldatzea da helburua.

Horretarako, PDAk (Personal Digital Assistant), agenda elektroniko gisa ere ezagutzen direnak, hartu ditu abiapuntutzat COMPORTAk. Autonomia pertsonal handiagoa eduki eta bizitza-kalitatea hobetzen lagun diezaiekete, aukera emango bailiekete edonon komunikatzeko, entzun nahi duten musika aukeratzeko, Interneten nabigatzeko edo telebista kontrolatzeko, adibidez.

Baina beso eta eskuetako minusbaliotasunen bat duten pertsonek arazoak izan ditzakete PDA arrunten ohiko ukimen-pantailak eta -botoiak maneiatzeko. Eta, horretarako, Xmadina enpresak garatu eta merkaturaturiko Etsedi, PCrako aplikazioa, moldatzea da proiektu honen asmoa. Etsedi aplikazioa da, hain zuzen ere, COMPORTA proiektuaren oinarria, PDAk ezinduentzat irisgarri bihurtuko dituena.
Etsedik teklatu birtual bat sortzen du ordenagailuaren pantailan. Hala, gurpil-aulki elektrikoen kontrol-palankarenak bezalako mugimenduekin aukeratzeko moduko banaketa diseinatu da 8 teklentzat. Etsedi aplikazioak testuak editatzen ditu Windows ingurunean. Menu batzuen bidez, erabiltzaileak zenbakiak, testua edo karaktere bereziak idatz ditzake. Horrez gain, idatzi ahala hitzak iragartzen ditu aplikazioak: erabiltzailea idazten doan heinean.

Beraz, gurpil-aulki elektriko bat gidatzeko gai den edonork maneiatzeko moduko agenda elektroniko bat. Baina, pauso bat harago, teklatu birtualaren bidez idatzitako testuari ahotsa jarri dio COMPORTAk. Izan ere, goiko gorputz-adarretako urritasun larriak dituztenek hitz egiteko zailtasunak ere izaten dituzte sarritan. Horretarako, ahots-sintetizadoreak erabili dira, text to speech teknologiaren bidez erabiltzaileak idatzitakoa bozgorailuetatik irten dadin.

PDA benetan eramangarria izan dadin, gurpil-aulkietan ezartzeko oinarri bat ere diseinatuko da. Beso artikulatu bat izango da, gurpil-aulki modelo gehienetan jartzeko modukoa, eta agenda elektronikoaz gain beste hainbat gailurentzat oinarri gisa balio lezakeena, bide batez.

COMPORTA ezinduak gizartean gehiago integratzeko pauso bat izan daiteke. Besteen parekoago izateko, bizitza errazteko, eta ongizatea hobetzeko.

Gair honen inguruan Ibon Aizpuruari eginiko elkarrizketa hurrengo URLan aurkitu ahal izango duzue:
http://zientzia.net/zientzia-irratia/comporta-proiektua/

miércoles, 18 de abril de 2012

Teknografiarekin lanean...

Aspaldi neraman blogean sartu gabe eta aste honetan nire irakasle identitatearen teknografia egiteari ekin diodanean gogoratu naiz baztertuta neukala irakasgaiaren atal hau. Hilabete gogorra izan da baina irakasgai honek erakutsi didan lemari helduz "EZINA EKINEZ EGINA" aurrera goaz apurka apurka.

Teknografia dela eta, beldurturik nengoen tresna berri honi heltzeko, zalantzak nituen nondik hasi, nola bideratu, argazkien aukeraketan ere zalantza izugarriak izan ditut, musikaren aukeraketa, etab. Denbora aurrera zihoan eta nire teknografia hutsik nabaritzen nuen, bost segundu betetzeko minutuak behar nituen eta ezintasunak harrapatzen ninduen denbora baliotsua delako eta denbora gutxi duzunean are gehiago. Ez dakit zenbat saiakeren ostean, 3 minututako teknografia egin dut dagoeneko, pixka bat gehiago geratzen zait baina irakasgai honek nire frustrazioen aurrean kokatu dit, ihes egin gabe aurrez-aurre begiratzen irakatsi dit abangoardian etsaiari begiratzen zaion bezala baina garaipena daztatuz. Garaipena uste dut iristear dagoela, nire 3 minututako teknografiak gorputza dauka eta ikus ditzazket nire saiakeren fruituak.

Tresna interesgarria iruditu zait, musikak eta testuak emozionaltasuna ematen diote gainera, argazki anitzekin jolas daiteke eta bizigarritasuna ematen dio istorioari. Esan daiteke istorioa gehiago pertsonalizatzen dela, beste begirada bat ematen zaio eta gure irakasle esperientzia edo identitatearen gainean baloreei buruz, sinismenei buruz hausnartzeko bide dela iruditzen zait.